XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi aste iraun zuen Panamaren sakailketak, eta luzeago ere iraungo zukeen, aberastasun izugarriak baitzeuden biltzeke, bizilagunek baliotsuenak gordeak zeduzkaten arren; baina ikaragarrizko erreketa bat sortu zen eta Ozeano Bareko erregina suzko itsaso batetan bilduta geratu zen.

Espainiarrek filibustarieri, hobeki esan, Morgani leporatu zioten errua; hauek, berriz beraiei bota zieten hondamendiaren errua sakailketa gera arazi eta ketan itoarazteko asmoz.

Zena zela, hiri guztia deseginik geratu zen baina filibustariak errautsetan ere urrea, zilarra eta harribitxiak bilatu egiten zituzten.

Lau asteren buruan korsariak behin betirako abiatu ziren Ozeanoaren kostaldeetatik, seirehun eta hamabost zamaritako * ZAMARI: karga eramateko mandoa convoy batekin, hainbeste ahaleginen fruitua eramanez.

Harrapakinaren balioa laurehun eta berrogei eta hiru mila zilar liberatakoa izan zen.

Hilabete geroago, filibustariak, Morgan, Ventimigliako andereñoa, Carmaux eta Wan Stillerrekin Apoharmatuetan desuntziratu ziren, Mexiko itsas golkoko espainiar eskoadren aldetik inolako kalterik jasan gabe, eta handik zortzi egunetara ospatu ziren Korsari beltzaren alabaren eta filibustari ausart eta zoritsuaren arteko ezkoneztiak.

Morgan oso aberats bihurtu zen Panamako sakailketan egokitu zitzaion zatiarengatik eta Ventimigliako andereñoaren jabego zabal eta gazteluengatik, baina hala ere ba zuen beste asmo goitarrik, Santa Catalina irlan filibustari bateraleku bat sortzea, beste askoren artean.

Garai hartan Ingalaterra eta Espainia elkarrekin baketan zeuden, eta edozein filibustariri itsasoratzen ez uzteko agindua hartu zuen Jamaicako gobernariak; (...).